Historia

ZGAren HISTORIA LABURRA

ZGA 1999 urtean sortua izan zen. Egia esan, lehenago izana zan gazte asanblada bat, baina 10 urte inguru zeraman desagertuta, lehengo Zizurko gaztetxe autogestionatuarekin batera. Beraz, 1999.urtean Gazte Asanblada berri bat sortu zen, eta ordutik aintzina aurrerapauso nabarmenak eman ditugu.

Hauek dira emandako pausu garrantzitsuenak:

:: Bere lehenengo 2 urteetan gaztetxea helburua izanik, lehenik bere burua ezagutzera ematen aritu zen, gazteon inguruko problematika desberdinak salatzen, eta gazteria erakartzen saiatzen. Okupazteko aukera baloratuta, erreferente falta eta herriaren sostengu txikia zirela eta, alde batera utzia izan zen.

:: 2002an GAZTEOK IPURDIA AGERIAN DAUKAGU kanpaina burutu genuen, autogestioaren aldeko MANIFESTUA zabalduz. Horrela herri masa handi bati ailegatzea lortu genuen, baita sinadura kopuru ikaragarria ere! Alkatearekin bilera egitea lortu genuen gainera, eta lokalik ez zeudela argudiatuz, proiektu bat egitea eskatu zigun, Zizurko handitze urbanistikoari begira.

:: Ta proiektua nondik hasi? 2003an PAUMA enpresa pribatuak kudeatutako gazte lokalean aritzen saiatu ginen, baina hilabete gutxitan handik bota gintuzten, limiteak erraz eta astiro aurkitu omen genituen! 2004an indarrak biltzeari ekin genion, gazte gehiagori zabaldu, eta proiektua egiteko ideiak jasotzen; hori baitzirudien gaztetxea lortzeko jarraitu beharreko bidea.

:: Horra hor 2005a! AUTOGESTIO PROIEKTUA herriko kolektiboei aurkeztu, herriko alreves aldizkarian proiektuaren laburpena atera, kalean zehar proiektua zabaldu herritarren artean, honako webgunea sortu, eta azkenik udaletxean aurkeztu. Benetan lan bikaina! Hobetu liteke, baina ZGAk eginiko lan txukunena benetan. Herriko jende gehienak gure beharrak eta behar dugun gaztetxea ezagutu ahal izan dute. Baina udaletxeak zer erantzun, eta dagoenarekin konformatu behar garela! Bai zera! Urteak borrokan, haiek eskatutako proiektua burutu, eta ostikada eman digute. Bide instituzional hau agortuta dagoela nork ukatuko!!

:: 2005eko udan… GAZTETXEAREN OKUPAZIOA! ZGAk alternatiba bakarra aurkitu du ukatuta duen autogestiorako eskubidea lortzeko, eta honakoa okupazioa izan da. Horrela ba, abuztuak 20an Santa Cruz – Ardoi kaleko 1. zenbakiko lokala okupatu dugu, bertan gazteon arteko komunikazio eta harremanak sendotzeko, aisialdi eredu alternatiboak jorratzeko, parekidetasunean, elkartasunean eta errespetuan hezitzeko, elkartegintza bultzatzeko, sormena eta erantzukizuna esnatzeko, eta jarrera kritikoak bultzatzeko. Azken finean, urtez urte zizurko gazteok behar izan dugun esparrua eraikitzeko.

Eta aurrera goaz!

Utzi iruzkina