Ekin dezagun batera! Bota hordagoa sistemari!

Asteburu honetatik aurrera, gazte mugimenduak batera ekin eta herrialdeka asanbladak burutuko ditugu. Gazte mugimenduko hainbat eragiletako kideek agerraldia eskaini dute Intxaurrondoko Letaman Gaztetxean eta gazte mugimendua indartzeko helburuz eta sistemaren aurkako gazte uholdea osatzera bidean, datozen hileotan garatuko den dinamika berria aurkeztu dute. Asteburu honetan herrialdeka asanbladak izago direla iragarri dute, hasteko Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Nafarroako asanblada larunbatean izango da 12.00tan Zizurko Gaztetxean eta Gazte guztiak deitu gaituzte hauetan parte hartzera.

Ekin dezagun batera! bota hordagoa sistemari!

Hainbat gazte bildu gara Letamanen egindako agerraldian. Oharra irakurtzeaz gain, panel koloretsu bat osatu dugu agerraldian zehar. Sistemak ezartzen dizkigun inposaketa eta zapalkuntza desberdinak irudikatzen dituzten irudi grisen gainean, gazte mugimenduak egunerokoan eraikitzen ditugun alternatibak irudikatzen dituzten hainbat argazki koloretsu jarri ditugu, denon artean panel bizi eta koloretsua osatuz.

Bideo bat ere grabatu dugu, eta datozen egunotan egongo da ikusgai. Orain, herrialdeko asanbladak tokatzen dira, beraz, zabaldu mezua zure inguruan, harpidetu gazte mugimenduaren posta zerrendan www.gaztesarea.net/topatu helbidean!

:: Entzun agerraldiko audioa

IRAKURRITAKO TESTUA

Gazte Mugimenduko eremu ezberdinetan lan egiten dugun gazteak gara: gaztetxe eta gazte asanbladetan, neska taldeetan, unibertsitateko zein ikastetxeko ikasle asanbladan, musika taldeetan, proiektu komunikatiboen garapenean, jaietako gazte konpartsetan edo sexualitate askearen inguruko batzarretan antolatzen gara besteak beste. Sistemaren aurka gaude! eta eremu desberdinetatik egiten diogu aurre.

Kapitalismo patriarkarrak eremu guztietan zapaltzen gaitu. Itotzen gaituen sistemaren kateak oso desberdinak dira, sarritan oso sutilak bai, baina gazteok aspaldi ekin genion ofentsiba eraikitzeari.

Gazte gara gazte! eta ez gaude konforme! Errebeldeak gara, feministak, amalurra defendatzen dugu, ikasleon eskubideak defendatzen ditugu, sexualitate askea bultzatzen dugu, independentzia eraikitzen dugu, herri kultura defendatu, lan duina aldarrikatu, espazio askeak eraikitzen ditugu. Eta honek denak egiten gaitu indartsu.

Badakigu sistemaren joku arauak gutxi batzuen boterea bermatzeko sortuak daudela eta horregatik eraikitzen ditugu egunero gure joku arau propioak, herriz herriz eta eremu guztietan.

Hori da gure indarra, milaka dinamika eta ekimen abiatzen ditugu bestelako jendarte libre bat eraikitzeko. Beraz, indar horiek guztiak bateratuta, garaitezinak bilakatuko gara. Ekin dezagun batera, topatu gaitezen!

Bai, badakigu: gure helburua handia da oso: sistema kapitalista-patriarkala suntsitu eta bestelako jendarte eredua eraikitzea.

Norabide honetan, ezinbestekoa da kontrako gazte uholdea osatzea. Indar guztiak topatzeko bidean, ekin dezagun batera Euskal Herriko herri eta txoko guztietan, sistemaren joko arauak zapuztu eta geureak mahai gainean jartzera.

Bide honetan, gazte mugimendua indartzeko, elkarlanean topaketa batzuk burutuko ditugu hurrengo ikasturteko azaroan. Hala ere, hemendik eta azarora bitarte ez gara geldirik egongo.

Asteburu honetatik aurrera, gazte mugimendua elkarlanean martxan jartzeko herrialdeetan asanblada irekiak burutuko ditugu, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroatik hasita eta gainontzeko herrialdeekin jarraituz. Beraz adi deialdietara eta parte hartu! Eraiki dezagun gure jokaldia! Bota hordagoa sistemari!

Herrialdetako asanbladak

Esan bezala gazte mugimendua elkarlanean martxan jartzeko bidean herrialdetako asanblada irekiak burutuko dira. Hauek dira lehenengo hitzorduak:

Bizkaia
Larunbata 30 11.00tan
Bilboko Kukutza Gaztetxean

Gipuzkoa
Larunbata 30 11.00tan
Donostiako Letaman Gaztetxean

Nafarroa
Larunbata 30 12.00tan
Zizurko Esparru Gaztetxean.

Datozen egunetan gainerako herrialdeetan ere asanblada irekiak izango dira eta horien berri emango dizuegu.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s